Erabaki hau albiste baikorra da, eta argi erakusten du herri mugimenduaren indarra. Ikasleek, familiek, irakasleek, langileek, hautetsiek eta herritarrek egindako lanari esker, Estatuak urrats bat egin behar izan du. Herria mugitu izanak Estatua mugiarazi du.
Aranzadi Ikastolatik gure aitortza eta esker ona adierazi nahi diegu mobilizazio hauetan parte hartu duten guztiei. Bereziki nabarmendu nahi dugu hezkuntza komunitateak azken aste eta hilabeteotan erakutsi duen elkarlana, konpromisoa eta irmotasuna. Eskubideak ez dira berez iristen; lan kolektiboaren, antolakuntzaren eta ekimen partekatuaren emaitza dira.
Bestalde, Seaskak berehalako aurrerapausoak izatea espero du. Ekainaren 12an, Etxepare Lizeoko ikasleek Matematikako azterketa euskaraz egingo dute, eta jasotako informazioaren arabera, ikasleen ongizatea eta azterketa euskaraz egiteko eskubidea bermatuak izango dira. Horren ondorioz, aurreikusita zeuden mobilizazioak bertan behera uztea erabaki du Seaskak, ekainaren 6an Bordelen egitekoa zen manifestazioa barne.
Hala ere, ekainaren 12an ikasle horiek alboan izango gaituzte. Aranzadi Ikastolatik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu, euskaraz ikasteko eta ebaluatuak izateko eskubidea defendatzen ari direlako.
Bidea, ordea, ez da hemen amaitzen. Baxoa osorik euskaraz egiteko baldintza guztiak bermatu arte lanean jarraitu beharko dugu. Euskal Herrian euskaraz ikasteko, bizitzeko eta etorkizuna euskaraz eraikitzeko eskubidea defendatzen jarraituko dugu, ikastolen hezkuntza eredutik eta komunitatearen indarretik.
Urratsez urrats, euskarari dagokion lekua aitortzea lortzen ari gara.
Aurrera Seaska! Aurrera Ikastolak!